XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Denis-ek burua mugitu zuen kezkati: - Hori arriskugarria da.

Kasualitatez gizon hori Marcel izango ez balitz eta sexualki bortxatuko bazintu....

Alice-ren aurpegian desesperazioa agertu zen: - Pentsatu dut horretan, Denis.

Baina zer besterik egin dezakegu Marcel hori, egiazko gure Marcel dela frogatzeko?.

Kontutan izan gure Marcel-i zerbait txar gertatu bazaio, ez dugula denbora galtzerik.

Azkar mugitu behar ginateke.

Zirt edo zart egiteko garaia heldu da, Denis.

- Ahal dudan neurrian babestuko zaitut, Alice.

Dantzatokira ni neu ere joan eta sartuko naiz zuen atzetik.

Arriskua gero sortu daiteke, etxera eramaten bazaitu.

Hara ni ezin naiteke igon.

- Ez dut gaur gauean etxera joateko asmorik.

Gizon hori egiazko Marcel ez dela probatzen badut, noski.

Baina proba hori lehenago egingo dut, dantzatokian.

Behin besterik ez naiz Marcel-ekin dantzatoki batean egon, baina ba dakit nola portatzen den horrelako tokietan emakume batekin.

Eta ba dakit ere nola dantzatzen duen.

Bi puntu horiek bere izaerarekin bat datoz.

Lotsatia emakumeekin alde batetik.

Eta bestetik, ez zekien dantzatzen.

Orain, Marcel-ek neuk irakatsitako apurra bakarrik daki dantzatzen.

Ez daki besterik.

Beraz, rue des Pyramides-ean orain bizi den gizona dantzari bikaina bezala agertzen bada, edo hainbesteraino heldu gabe nik irakatsi gabeko moduan dantzatzen ari bada, iruzurtia da, inpostorea.